Langileak eta enplegatu publikoak zaintzeak zerbitzu publikoak hobetzea dakar. María Chivite buru duen Nafarroako Gobernuak ahalegin handia egin du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko enplegatu publikoen lan-baldintzak hobetzeko, besteak beste:
2020 eta 2023 artean, enplegatu publikoen ordainsarien igoera, % 12rainokoa. 2019an, administrazio-kontratudun aldi baterako langileak eta gradua jasotzen zuten funtzionario publikoak graduaren ordainsaria jasotzeari dagokionez parekatzea. Aitatasun- eta amatasun-baimenak parekatzea, eta bitarteko irakasleen kontratuak udako hilabeteetara luzatzea; horrek ia 5 milioi euroko kostua izango du.
Nafarroako Gobernuko langileen plaza kopuruari dagokionez, % 12ko igoera ere izan da: azken lau urteetan, 3.100 langile baino gehiago gehitu dira. Horietatik, % 75 osasun-langileak (970) eta irakasleak (1.400) dira.
Aurreko neurri guztiek langileen arloko aurrekontu-ahalegina % 25 baino gehiago handitzea ekarri dute: lau urtean, 340 milioi euroko igoera izan da, 2019an aurrekontuan jasotako 1.346 milioi eurotik 2023ko 1.686 milioi eurora igaroz.
Hori guztia, nolanahi ere, aurrekontu-jasangarritasunaren esparruan egin da, langile-gastuetara bideratutako aurrekontuaren ehunekoa % 30 inguruan mantenduz.
Baina legegintzaldi hau funtzio publikoaren arloan zerbaitengatik nabarmendu bada, behin-behinekotasuna murrizteko apustu argia egin delako izan da. Nafarroako Gobernuak zein Espainiako Gobernuak bultzatutako legeek ia 7.000 plaza onartzea ekarri dute legegintzaldi honetan, hainbat Enplegu Eskaintza Publikoren (EEP) bidez. Historiako ahaleginik handiena izan da.
Puntu nagusiak
Hori da jarraitu nahi dugun ildoa: enplegatu publikoen motibazioa eta zerbitzu publikoen hobekuntza, funtzio publikoaren arloan egiturazko erabakiei aurre egiteko balioko duen legegintzaldi berri batean.
Horregatik guztiagatik:
Sindikatuen arteko adostasuna bilatuz, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutu berria idatziko dugu, indarrean dagoen abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Lege Dekretua ordezkatuko duena eta XXI. mendeko Administrazio Publikoaren beharretara egokituko dena.
- Testuinguru horretan, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario guztientzat lanbide-karrera bat aitortzeko eta ezartzeko bidean aurrera egingo dugu, prestakuntza eta garapen-helburuak aitortzeko, betiere herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu publikoaren hobekuntzan eragina izan dezaten.
- Ordainsarien hobekuntza orokorretan aurrera egingo dugu, ahal den neurrian erosteko ahalmenari eusteko helburua lortuz, eta, nolanahi ere, aurrekontu-jasangarritasuna bermatuz.
- Aurrera egiten jarraituko dugu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan behin-behinekotasuna nabarmen murrizteko, beharrezko Enplegu Eskaintza Publikoak onartuz, gaur egun justifikaziorik gabe aldi baterakoak diren plazak plaza finko bihurtzeko, behin-behinekotasunaren gehieneko % 8ko helburua lortzeko.
- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko lanpostuen definizioan eta ebaluazioan aurrera egiten jarraituko dugu, herritarrei zerbitzu publiko egokiak eskaintzeko, lanpostu horiei dagozkien eginkizunak behar bezala zehazteko, langileen motibazioa eta sustapena bultzatzeko eta horretarako bideratutako aurrekontu-baliabideak ahalik eta gehien optimizatzeko.
- Elkarrizketa sozialerako tresnak errespetatu eta indartuko dira, Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren eta dauden Mahai Sektorialen eskumenak aintzat hartuta.