Laster beteko ditu 500 egun PSNko idazkari nagusi moduan. Epe horretan,alderdiak barne zauriak sendatu dituela eta «irmo» dagoela dio. Zail ikusten du «antipodetan» den NaBairengana hurbiltzea datozen bi urteetan.
Argazkia: Jagoba Manterola (Argazki Press)
BERRIA - Joxerra Senar - Iruñea
Bitxia da politika. Bi urteren buruan, Nafarroan krisian zen alderdi bakarra izatetik, ur lasaietan nabigatzen duen alderdi bakarra izatera pasatu da PSN. Harro da, horregatik, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia (Pitillas, 1973). Ostegun arratsaldean hartu zuen BERRIA Sarasate pasealekuko egoitzan. Oraindik ez zen itzali goizeko osoko bilkuran Euskararen Legea dela-eta Gobernuko bi bazkideen artean sorturiko ika-mikaren oihartzuna. UPNren eta CDNren artekogobernu itunak arriskuan dirudi.
«Terrorismoaren aurkako ituna» aurkeztu zenuten abuztu amaneran Nafarroako Gobernuak eta PSNk. Miguel Sanzek dio Gobernuak egindako proposamen hori dela ardatza beste alderdiekin negoziatzeko.
Borondateak batzea axola zaio PSNri. Gizartearen xedea da denok ados jartzea gure kaleetatikgaitz hau kentzeko. Estatu demokratiko batean praktika batzukjasanezinak dira. Niri dokumentu bat baino ez zait inporta: guztiok ados jartzen garen hori.
Sanzek aurkezpenean zioen Alberdi batzuei mozorroa kendu nahi ziela. Ez dirudi hori batzea nahi denik...
Ni ez naiz Sanzen adierazpenen erantzule. Ni PSNren eta haren agintarien adierazpenen erantzule naiz, eta gure aldetik ez dira tankera horretako adierazpenik egin; alderantziz, borondateak batzeko deia egin dugu. Galdera horri Sanzek erantzun beharko dio. Nik ez nituzke egingo.
Azken dokumentu horrek zer irizpide jaso beharko lituzke?
Lehenik, ekintza terrorista oro gaitzestea; bigarrenik, terrorismoa sostengatzen eta babesten duten praktika antidemokratiko oro jazartzeko borondatea; hirugarrenik, terrorismoaren biktima guztiekin elkartasuna egon behar da, eta biktima diodanean zentzurik zabalenean diot; azkenik, terrorismoa gaitzesten ez duten alderdiak isolatzeko konpromisoa izan behar dute alderdiek. Lau ardatz horien inguruan oina rritu behar da akordioa.
Uneotan,nola doaz negoziazioak?
Zuhurtzia osoarekin esan dezaket sukalde lanak ondo doazela.
Beste irizpide polemiko bat dago: Estatuko segurtasun indarrei babesa ematea.Duela gutxi,Amnesty Internationalek inkomunikazioa amaitzeko deia egin dio Espainiako Gobernuari,eta hor daude baita ere Nazio Batuetako torturaren aurkako kontalariaren ondorioak.
Horregatik, Aralar kritikatu izan dut. Uste dut akats batean zeudela. Uste osoa dut Aralar eta NaBai oaesoa demokratikoak direla, ziur nago terrorismoa amaitu nahi dutela, eta sinetsita nago denon aldetik esfortzua eginez gero, ados jarri ahal izango garela. Ez naiz ni izango inor baztertuko duena. Norbaitek baztertua izan nahi badu, hori bere arazoa da.
Sanferminen ostean, Sanzek Foru Hobekuntza berritzeko proposamena egin zuen.Une egokia al da?
Bai. Komeni da Foru Hobekuntza berritzea, Parlamentuak gainditua duen errealitate batera egokitu ahal izateko. Guk alor teknikoak proposatu ditugu. Nik uste dut Sanzek neurri bakar batera —legealdia bukatu baino lehen parlamentua desegin eta bozetara deituz gero, hurrengo agintaldia lau urtekoa izatea— mugatu nahi duela soilik aldaketa, eta beste batzuk eztabaida sakon bat irekitzea nahi dute. Nik uste dut dagozkion aldaketak egin behar direla, eztabaida handirik gabe. Ez da gizartearen lehentasuna. 38.000 langabe ditugu, eta energiak beste toki batera zuzendu behar dira.
Irail hasieran, PSNren Lurralde Batzordeak aho batez aurrera atera zuen bloke aurrerakoi bat eraikitzeko ebazpena. PSN gobernuaren sostengu izan den heinean,UPNrengandik aldentzen hasi nahi duzue?
Gu ez gara UPNren makulua. Arduraz jokatzen duen alderdia gara. Nafarroan gehiengo osoak ez daudenez eta egongo ez direnez, ezinbestekoa da desberdinen arteko akordioa. Zentralitate politiko horretatik, Nafarroarentzat ona den heinean, akordioetara ailegatu gara, baina gure printzipioei uko egin gabe. Gure helburua da gobernu hau ordezkatzea eta aldaketa lasaia izatea.
Hala ere, zergatik oso gutxitan bat egin izan duzue Parlamentuan NaBairekin eta NEBekin?
Nik ez dut uste NaBai ezkerrekoa denik, abertzalea baizik. Ezker eskuin ideologiatik at dago hori. NaBai koalizio abertzale bat da, eta nortasun proiektuak batzen ditu soilik. Ezkerreko politika batzuetan bat egiteko ez dugu inolako lotsarik izan. Adibidez, gaur[herenegun], Euskararen Legea aldatzeko proposamen batek aurrera egin du. Abortoaren gaiarekin edo memoria historikoarekin berdin gertatzen da. Guk gure bidea jarraitzen dugu, eta ez zaigu inporta batarekin zein bestearekin botoan bat etortzea. Zergatik aurpegiratzen digute guri UPNrekin edo NaBairekin bat etortzeagatik eskuindarragoak edo ezkertiarragoak izatea? Gu PSOE gara, eta 130 urteko historia dugu.
Euskararen Legearen aldaketa onartzen bada, eztabaida itxiko dela diozu. Zergatik?
Iruñerria osoa eremu mistoan geratuko delako, eta gainontzekoa zentzugabea da, inposatu nahi izatea delako. Euskara Nafarroaren ondarea da, baina ez da nafar guztien ondarea. Ez baita gauza bera eremu bateko herritarra eta beste batekoa. Ez dut inposizio politiketan sartu nahi.
Zalaparta piztu da Nafarroako Gobernuan. CDNk PSNrekin batera iragarri zuen eremu mistoa Iruñerri osora hedatzearen alde bozkatuko zuela; baina UPNk gobernu akordioa arriskuan dagoela mehatxatu eta amore eman du CDNk.
Guri emandako hitza ez du bete CDNk, eta bi kontseilari izaten jarraitzeko, xantaia baten aurrean amore eman du.
Iaz,UPNk eta PPk ituna hautsi zuten. Zer ondorio politiko ditu PPren berragerpenak?
Gizartearen baliorik kontserbadoreenak ordezkatzen ditu. Espainian sendotasun handia du, baina kaltegarria da Espainiaren zein Nafarroaren interesentzat. Ez daude erakundeetan, ez dute garrantzirik. Espero dut biharko egunez ere eraginik ez izatea.
Udan,UPNri eskatu zenion argitzeko ituna PSNrekin edo PPrekin egin nahi ote duen. Uste duzu UPN berriz PPrengana gerturatuko dela? UPNk zintzo jokatzea nahi dut. Ez diezaiela herritarrei iruzurrik egin. Denbora luzean guri anbiguoak izatea aurpegiratu ziguten, baita EAJri ere. Garaia iritis da argi eta garbi jokatzeko. Foru Hobekuntzan eta Konstituzioan sinesten duen ororekin hitzartzeko gai direla dio; hortaz, NEBekin akordioa egingo dute? Non daude printzipioak? Non daude ildo ekonomikoak eta sozialak?
Barcinak gogoratu dizu PSNk Sanzen inbestidura babestu zuenean PP UPNren baitan zegoela.EAEn,berriz, PSE-EE Jaurlaritzan da PPrekin hitzartutako akordio bati esker. Barcinak gogoratu beharko luke eurek ziotela UPN zirela, eta ez PP. Akaso, gezurra esaten ziguten nafarroi? Euskadiri dagokionez, Barcina ez al dago ados PPren eta PSEren arteko akordioarekin? Ez al ditu ulertzen azken urteetan Euskadin izan diren baldintza bereziak? Alderatze bakarra egin liteke. UPNk agintean iraun duen
denbora eta bere gobernu praktikak EAJrekin alderatu daitezke.
Diferentziak antzematen dituzu Sanzen eta Barcinaren artean?
Barcinaren kasuan, ikusteko dago oraindik. Alderdi bateko lider denak politikari buruz hitz egitea nahiko nuke, eta gauzak esan ditzala. Barcinak esan zuen UPNko presidente zenean hitz egingo zuela politikari buruz. Benetan liluragarria da politikari buruz hitz egin nahi ez duen pertsona baten proiektua babestea. Bospasei hilabete daramatza agintean, eta ez du ezer esan.
Gaur Aralarren batzarra da, eta NaBairen baitan arazoak azalerazi ditu batzorde politikoak. Nola ikusten duzu arerio politikoaren egoera?
Ez zait batere axola. Horregatik diogu gu garela alderdirik irmoena. Ez ditugu UPNk eta CDNk gobernuan dituzten arazoak, ezta NaBaik dituenak ere.
Bi urte falta dira hauteskundeetarako,eta NaBairengana hurbiltzea erabat baztertua duzue?
Erabat zaila da. Bi urte falta dira. Hauteskunde ondorengoak hauteskunde ondorengoak dira, baina zer nahi duzu esatea? Ez dute Alderdien Legean sinesten, ez dute segurtasun indarren lanean sinesten, legeari iskin egin nahian dabiltza... Oso zaila da PSN hor egotea. PSNk ez du akordiorik egiten irizpide abertzaleak dituztenekin. PPrekin galdetuko bazenit bezala. Antipodetan daude.
«UPNk arazo bat du: eskuinera begira dago, PPk botorik irents ez diezaion»
Egun gutxi iragan dira PSN eta Nafarroako Gobernua 2010eko aurrekontuak negoziatzen hasi zirenetik. Uneotan, ordea, elkarrizketa etenda dago. Espainiako Gobernuak bere zerga erreforma argitu arte, itxarotea nahiago du UPNk.
Aurrekontuen negoziazioa hasi besterik ez da egin. Espero baino zailtasun gehiago topatu dituzu?
Bai. Beste urte batzuetan ez dira hainbeste arazo izan aurrekontuaren mugak eta ildo nagusiak lortzeko. Aurten, ordea, bai.
UPNk nahiago du, enplegua sortu baino, zorra amortizatu.
Zeintzuk dira UPNri mahai gainean jartzen dizkiozuen baldintzak?
Aurten, uste dugu iazkoak baino aurrekontu handiagoak izan ditzakegula, %4 ingurukoak. Dirusarrerak handitu egingo direla espero da, besteak beste, Espainiako Gobernuak zerga berezietan eta BEZ zergan aldaketak egingo dituelako, eta 400 euroko neurria kendu egingo delako. Hori egiten den neurrian, 124 milioi euro biltzea espero dugu. UPNk %1ez hitz egiten du, eta guk %4 batez.
Auzia ez da gehiago gastatzea, hobeto gastatzea baizik: hau da, teknologia eta giza kapitalean inbertitu eta Gizarte Babeseko sistema eutsi.
400 euroen neurri hori ez al da huts bat izan?
Ez, promesa hori egin zenean, inflazio handi bat genuen, eta interes tasak ez zeuden gaur bezala. Une hartan, sendientzat errenta gehiago eman nahi zen, kontsumi zezaten. Motelaldi ekonomiko bat zetorrela uste genuen. Gaur, berriz, atzeraldian gaude.
Iragan astean adierazi nahi zenuen UPNk langa igo nahi duela, eta PSN aurrekontuak ez hitzartzera behartu, aurtengoak luza daitezen. Adierazpen horri eusten diozu?
Hori esateko datuak nituen.UPNk aurrekontuak %1 handitzea proposatzen du, baina %1hori gastu arruntekin soilik agortu egiten da. UPNk arazo bat du, eta tentu handiz diot: esquinera begira dago, PPk ez diezaion botorik irents. Horrek posizio politikoago batera bultzatzen du, eta ez ditu nafarren interes orokorrak hainbeste kontuan hartzen. Hori esanda, zintzo diot, Sanzek handik bi egunera aurrekontuak onartzeko borondatea duela ziurtatu zidala. Ez dut kontrakoa epaitzeko elementurik. Denborak zehaztuko du.
NaBaitik eta NEBetik gonbita egin dizuete beste mota bateko aurrekontuak egiteko. Aukera hori erabat agortuta dago?
Nafarroako aurrekontuak aurkezteko aukera ez dagokio oposizioari, gobernuari baizik.Gobernuarekin akordio batera iristea nahi dut, egonkortasuna erkidegoarentzat ona dela uste dudalako. Beste aukera bereziki zaila da, asko delako bereizten gaituena.
NaBairen kasuan euren artean argitu beharko lituzkete kontuak: ez dirudi oso ondo finkatuta dagoenik koalizioan nor den solaskidea, nor ez... NEBen kasuan, gai askotan bat egin dezakegu, baina aurrekontu alternatibo batzuk eraikitzea oso-oso zaila da, batzuren zein besteen lehentasunak nahiko aniztunak direlako.
Aurrekontuak luzatuko balira, zer esan nahiko luke?
Gobernuaren erabateko porrota.
Nafarroako Gobernuak aurreratu du Espainiako Gobernuak egingo dituen erreformak ez dituela zertan jarraitu. Zer deritzozu?
Ea, ikus dezagun. Sanz eta Miranda 400 euroen aurka jarri ziren, baina azkenean onartu egin behar izan zuten. Zuhurrago jokatu behar da. Errentaren Gaineko Zergan eta Sozietate Zergan ez diogu Espainiako Gobernuari erabat jarraitu behar, baina armonizatu egin beharko dugu, eta ezingo dugu bestela jokatu. Ez luke inolako zentzurik.
Espainian, PSOEren gobernuak BEZ zerga igotzearen aukera aipatu du. Ideologia sozialdemokrata batentzat ez al da kontraesankorra kontsumoa zergapetu eta guztiei eragiten dien zerga bat igotzea?
Ikusi beharko da zer artikulu igotzen diren. Ez dut uste zerga ezarpenean dagoenik eskuina eta ezkerra, baizik eta aberastasunaren banaketan; hau da, behin diru sarrerak lortuta, hori nola banatzen den. Ez dut zalantzarik nire alderdia ezkerrekoa dela.
Baina zerga politika erreminta eraginkorra da aberastasunaren banaketa egoki baterako. Formularik aurrerakoiena Errentaren Gaineko Zerga da, baina hori ondo artikulatuta dago. Baina beti egin daitezke erreformak.
Iruzurraren aurkako borrokarako 33 ikuskatzaile baino ez ditu Nafarroako Gobernuak. Zergatik ez da alor horretan ahalegin handiagoa egiten?
Ondo lan egiten da. Nafarroan, iruzurrari dagokionez, beste toki batzuetan baino egoera hobea dago. Hori esanda, gai honekin inoiz ezin gara gustura egon. Zorrotzagoak izateko neurriak aurkeztu ditugu Parlamentuan, eta, gaizki oroitzen ez banaiz, iazko aurrekontuen akordioan zerbait zegoen horri buruz.